
|
XVII. mendera arte kontinente osoan asko erabiltzen zen txistua: ez zen jairik edo dantzaldirik izango txistu barik. Arbeauk dioenez, tresna merkea zen, musika-jole bakarrak egiten zuelako askoren lana. Danbolinaren zehaztasun erritmikoak, bestalde, orduan modan zeuden dantzetarako (gallardak, pabanak, branleak...) beren-beregiko instrumentu bihurtu zuen. XVI. mendearen erdialdean biolina agertu eta indarra hartu zuen handikien artean eta ondorioz, danbolintero juglareek herrixketan iraun behar izan zuten herri-musika jotzen. Harrezkero txistuak herrian iraun du; pixkanaka-pixkanaka eta urteak joan eta urteak etorri instrumentu tradizional bihurtuz, tokian tokiko ezaugarrietara egokituta. Euskal Herrian euskal musikaz edota euskaldunen musikaz hitz egitean, ezinbestean hitz egin behar dugu txistuaz edo txistulariez. Gure herrietako jendeak urte askotan entzun izan duen musika bakarra elizetakoa edo bertako danbolinteroena izan da. Gure dantza gehienek eta instrumentuen errepertorio gehienek udal danbolinteroen lanari esker iraun dute eta eurei esker transmititu dira; izan ere, XVIII. mendearen azken laurdenean hasi ziren eskolatzen, musika kopiatzen eta konposizioak egiten; musika hori danbolinteroen errepertorioen bidez heldu zaigu. |
|
|
Txistulari aldizkariaren sorrerarekin batera, gure instrumentuaren historiako beste gertakari garrantzitsu bat zera da, 1978-79 ikasturteaz geroztik ikasgai ofiziala dela Kontserbatorioan, gainerako instrumentuen parekoa arlo akademikoan eta legez. Gure tradiziozko kulturaren ikurretako bat izan den eta izaten dirauen txistuak ugaldu egin ditu bere aukerak, eta gaur egun nagusi da Europan esku bakarraz jotzeko txirulen artean, bai baliabide pedagogiko eta metodologiaren, irakasleen, ikasketa-programen, txistu eta danbolinen fabrikatzaileen, instrumentuen kalitate eta leuntze-mailaren arloan zein errepertorioa sortzen eta aldiro argitaratzen edota instrumentua jotzeko teknikaren aldetik. |