Musikoterapia

MUSIKOTERAPIA: HAZTEKO IRAKASGAIA

Datorren ikasturteko irakaskuntzako eskaintzaren barruan irakasgai berria sartuko dugu: musikoterapia.
Horrela, hezkuntza arloko premia bereziak dituzten umeei musikara hurbiltzeko modu berri bat eman nahi diegu, euren ahalmena garatzeko eta, hortaz, euren bizimodua hobetzeko.
Umeen eta euren familien beharrizan psikologikoei, kognitiboei, sozialei eta emozio eta hezkuntza mailakoei emango zaie erantzuna musikoterapiaren bidez eta, hartara, modu oso espezializatuan beteko dira urterik urte gugan jarritako itxaropenak. Gure irakasleen dedikazioari esker, seguru gaude gure ikasleek euren trebezia artistikoak garatu eta musika gozatzeko gaitasuna areagotu ahal izango dutela.

ZER DA MUSIKOTERAPIA?

Definizio asko daude musikoterapia zer den azaltzeko. AMTA (American Music Therapy Association) elkartearena hau da: helburu terapeutikoetarako erabiltzea musika: osasun mental eta fisikoa bere onera ekartzeko, mantentzeko eta hobetzeko.
Erabiltzailearen eta terapeutaren artean, musikaren bidez, sortutako harremanek aldaketa eragiten dute prozesu honetan. Prozesu sortzailea eta terapeutikoa da aldi berean; modu metaforikoan musika arloan konpontzen diren egoerak bezeroaren eguneroko bizimodura eramaten dira. Aldaketok maila fisiologikoan, psikologikoan, kognitiboan, portaeran, maila musikalean, emozionalean, komunikatzeko, sortzeko edo pertsonen artean hartu-emanetan jartzeko ahalmenean gerta daitezke.
Musikaren zenbait parametroen bidez (pultsua, forma, erritmoa, melodia, harmonia…) pertsonaren alderdi guztiak (gorputza, emozioa, adimena, espiritualitatea…) jorratu daitezke. Horregatik erabil daiteke musika terapia egiteko; hitzak heltzen ez diren tokira heltzen da musika. Denona da eta horregatik dago beti moduren bat besteengana iristeko, komunikatzeko eta esperientziak trukatzeko musikaren bitartez.

ZELAKOAK IZANGO DIRA SAIOAK?

Banakako saioak izango dira, astean 30 minutukoak. Gurasoekin eta/edo tutoreekin egingo dira bilerak Ikasturtearen hasieran eta hiruhileko bakoitzaren amaieran (guraso/tutoreek edo musikoterapeutak beharrezkoa dela jotzen dutenean ere bai), informazioa trukatzeko eta prozesua zertan den jakiteko.
Ume bakoitzaren premietara egokituta banaka lan egiteko plana da. Areto bat edukiko dugu, material honekin: perkusio txikiko instrumentuak, pianoa, gitarra, musika-ekipoa eta musikotaeurapetaren eta gurasoen eta/edo tutoreen artean kasu bakoitzerako prestatutako helburuak lortzeko egingo diren jardueretan erabiliko ditugun beste elementu batzuk.

NORK EGIN DEZAKE MUSIKOTERAPIA BILBAOMUSIKAN?

Hezkuntza mailako premia bereziak dituzten 8-14 urteko neska-mutilentzat da irakasgai hau.
Hauek dira, adibidez, musikoterapia egin dezaketen pertsonak: espektro autistaren nahasmendua duten pertsonak, hiperaktibitatea dutenak, arreta-falta, Down sindromea, garuneko paralisia, entzumen-urritasuna…

ZER EGIN BEHAR DUT IZENA EMATEKO?

Eskolako gainerako irakasgaietan matrikulatzeko moduan egin behar da, jarritako epeen barruan.
Musikoterapian parte hartu arren, Bilbaomusikako beste jarduera batzuk ere egin ahal izango dira.
Zalantzak argitzeko, aldiro eguneratzen den web honetan kontsultatu dezakezue edota harremanetan jarri proiektuaren arduraduna den musikoterapeutarekin: leiredediego@bilbaomusika.eus