BILBAOMusika
Banda


1895eko ekainaren 9an, José Sainz Basaberen zuzendaritzapean, Bilboko Udalaren Musika Bandak bere lehenengo kontzertua eman zuen Areatzan. Harrezkero José Franco Ribate (1924), Jesús Arambarri (1933), Bruno Muñoz (1953), Urbano Ruiz Laorden (1969), Jesús María Bilbao Estefanía (1995) eta Rafael Sanz-Espert (2002) izan dira ehun urtetik gora dituen Udal Bandaren zuzendariak.


BilbaoMusika Toki Erakunde Autonomiadunaren barruan dago. Aipatzekoak dira bere emankizunak ekitaldi ofizialetan eta ospakizun herrikoietan, eta Areatzako kioskoan udaberrian eskaintzen duen kontzertu zikloa. Azpimarratzekoak dira, era berean, Udazkeneko eta Neguko Zikloak; ziklo horiek Arriaga antzokian hasi ziren eta gaur egun Euskalduna Jauregian egiten dira. Ziklo horietan izen handiko zuzendari gonbidatuak izan ditu, hala nola: Enrique García Asensio, Pablo Sánchez Torrella, Juan José Ocón, Darío Sotelo, José Mª Sáinz Alfaro, Gary F. Lamb, Ruper Lekue, Richard Miles, Thomas Rotondi, Hilario Extremiana, Evgeny Dzhalalov, Pablo dell'Oca eta Fernado Bonete; bakarlari handiak ere bai: Pedro Iturralde, Kepa Junkera, Astrid Crone, Manuel Bobenrieth, Javier Eguillor, Manel Ramada, Santiago Juan, Mª Eugenia Silguero, Euskadi Brass metalezko boskotea edo Oskorri taldea, besteak beste.

Hauek dira grabazio nabarmenenak: 1995eko apirilean, mendeurrena zela eta, Bandak CD bikoitza grabatu zuen José Franco Ribateren lanen monografiko batekin eta zezenketen inguruko pasodobleen bilduma batekin. Aipagarriak dira, baita, "Valentzia Hiria" Musika Banden Nazioarteko Lehiaketaren Atal Bereziaren amaierako emanaldian egindako zuzeneko grabazioa (2002) Rafael Sanz-Esperten zuzendaritzapean, "Bandaband" diskoa (2006) Oskorri taldearekin, talde honen 35. urteurrena zela-eta, eta azkenik, kontzertuen zuzeneko grabazioekin egindako CD bikoitza. Kontzertu horietatik gehienak Arriaga antzokian emandakoak dira.

Bilbotik kanpo egindako kontzertuen artean azpimarratzekoak dira Valentziako Palau de la Musican, Unió de Llíria Antzokian eta Gasteizko Principal Antzokian emandakoak, Basauriko Social Antzokiko Gabonetako kontzertua, Tenerifeko Santa Cruzeko Angel Guimerá Antzokian eskainitakoa, Donostiako Kursaal Antzokian egin zen "Olentzero Begi Gorri 2003" EITBko saioan izan zuen partaidetza, Aste Nagusian Abandoibarran, Kepa Junkera eta Oskorrirekin emandako kontzertuak, eta Tenerifen, 2008ko azaroan, banda sinfonikoen zuzendarien, konpositoreen, moldatzaileen eta instrumentisten IV. Biltzar Iberoamerikarrean izandako partaidetza.

Webaren mapa | Kontaktoa | Posta-web | Intranet
BilbaoMusika © 2008 · Legezko Abisua
Sorkunde kalea, 8 48006 Bilbao · info@bilbaomusika.net · Tfnoa.: 94 416 47 85 · Faxa: 94 415 51 71